Audacityrekin trebatzen

Gaurko eskolan, podcast teknologia ezagutu dugu. Horren harira, irratsaio labur bat sortu dut Audacity programan. Programa hau berria da niretzat, dena dela, oso baliagarria iruditu zait. Izan ere, aukera dezente eskaintzen ditu eta erabiltzeko erraza da. Hori dela eta, aurrerantzean sarritan erabiliko dudalakoan nago. Hona hemen musikari buruz egin dudan irratsaioa, goza dezazuela:

[AUDIO http://euskaltube.com/uploads/audio/DYNfU5PZ4ciUGRJOKGjm.mp3|TITLES=IRRATSAIOA|WIDTH=480]

Community Manager lanbide berriaren inguruan

Orain dela astebete izan nuen Community Manager lanbidearen berri. Ordura arte ez nekien existitzen zenik ere, baina irakaslearen argibideak jaso ostean lanbidearen nondik norakoak ezagutu nituen eta oso interesgarria iruditu zitzaidan. Dena dela, ez dut nire burua bertan ikusten.

Lanbide berri hau izugarrizko indarra hartzen ari da enpresetan. CM batek askotariko funtzioak bete behar ditu, baina horietatik garrantzitsuena enpresa eta bezeroen artean bitartekari lana egitea da. Horretarako, enpresaren izena ezagutzera eman behar du eta era berean, enpresaren inguruan sarean zer esaten den kontrolatu behar du. Horrela, CM bat bezeroen ahotsa izan behar da enpresa barruan. Izan ere, haien feedbacka jaso behar du enpresako arduradunei hobekuntzak proposatzeko. Azken finean, bere eginbeharra enpresa barrukoak eta kanpokoak (erabiltzaileak) harremanetan jartzea da. Hala eta guztiz ere, dena ez da hain polita, askotan tentsio uneak sortzen direlako eta zaila izaten da erabakiak hartzea.

Bertan lan egiteko gaitasun jakin batzuk dituzten pertsonak behar dira. Community Manager batek ezinbestekoa du komunikatzaile ona izatea, besteen iritziak entzuten eta ulertzen jakitea, talde lanerako gai izatea, aktiboa izatea, teknologia berriak gustuko izatea, eta abar. Ikus-entzunezko komunikazioko ikasketetan gaitasun horiek garatzen ari garenez, lanbide honek bide berri bat zabaltzen digu. Beraz, eremu digitalean ibiltzea gustuko dugunontzat, aukera paregabea da hauxe.

Nolanahi ere, arestian aipatu dudan bezala, ez da nire lehenengo aukera. Nahiago ditut beste lanbide batzuk. Hala nola, soinu teknikaria, errealizatzailea edo diseinatzailea. Alabaina, ez naiz itxi behar eta aukera guztiak baloratu behar ditut bakar bat ere ez alde batera utzi gabe. Hortaz, ikasketak amaitzerakoan erabakiko dut norantz jo.

Kazetari momentu batez

Orain dela bi aste gertatu zen ezbeharra eta ordutik hona, ez dut inon idatzi horri buruz. Apirilaren 12a zen, astelehena, aste santuko oporrak bukatuta eta jada betiko errutinan murgilduta. Egunero bezala, argazkigintzako klasean egiten dugun atsedenaldia komunera joateko aprobetxatu nuen. Bertan, eginbeharrak egiten nengoela, bat-batean tiro batzuk entzun nituen eta harrituta, korridorera irten nintzen zer gertatzen zen ikusteko. Morroi batzuek ikasle eta irakasleak bahitu egin zituztela konturatu nintzenean, ziztu bizian komunera bueltatu nintzen, beldurtuta. Ez nekien zer egin, kanpoko jendearekin harremanetan jarri behar nuen, baina nola? Lehenbailehen irtenbide bat bilatu behar nuen, baina denbora aurrera zihoan eta ez zitzaidan ezer bururatzen, oso urduri nengoen eta.

Aldean mugikorra besterik ez nuen, ordenagailu eramangarria ikasgelan utzi nuelako. Orduan, eskuko telefonoa erabili behar izan nuen laguntza eskatzeko, hori baitzen kanpokoekin harremanetan jartzeko baliabide bakarra. Lehenik eta behin, larrialdietarako zenbakira (112ra) deitu nuen eta gertatzen ari zena azaldu nien. Ondoren, albistea internet bidez hedatzea pentsatu nuen. Horretarako, HUHEZIko wifiaz baliatu nintzen. Aurreneko aldia zen mugikorretik sarean sartzen nintzela. Hori dela eta, denbora mordoa igaro nuen ahaleginak egiten. Bitartean, ikasgelatik oihuak entzuten ziren. Azkenean, Twitterera sartzea lortu nuen eta nire kontuan zera idatzi nuen:

“Morroi batzuek HUHEZI fakultateko ikasleak eta irakasleak bahitu dituzte. Tiroka ari dira. Laguntza mesedez!!!”

Minutu gutxitan, informazioa sare osotik zabaldu zen eta jendeak gertatutakoaren berri izan zuen. Kazetari bihurtu nintzen momentu batez.

Ertzaintza iritsi zenerako, morroiak alde eginak zeuden. Hiltzeko moduko sustoa izanik ere, zorionez ez zen hildakorik izan. Bakarrik material teknikoa eraman zuten: ordenagailuak, argazki kamerak, mikrofonoak, eta abar. Oso arro nago egin nuenagatik. Izan ere, nire esku zeuden baliabide urriak aprobetxatzen jakin nuen eta horrela, arazoari konponbidea aurkitu nion. Eskerrak sakelako telefonoa beti alboan dudala!

Denona eta denontzako egina

Iban Arantzabal elgetarra izan dugu gaurko klasean. Irakasle ikasketak egin zituen HUHEZIn eta gerora, euskal filologian lizentziatu zen Gasteizen. Sustatun editore moduan ere ibili izan da, baina gaur egun, Goiena Telebistako arduraduna da.

Argazkia: Flickr.com / Egilea: Huhezi / Lizentzia: CC-BY 2.0

Eskaini digun hitzaldian, komunitateei buruz mintzatu da. Horretarako, Goiena Komunikazio Kooperatibak dituen komunitateak erakutsi digu:

  • Danbaka.com (Debagoieneko musikaren gaineko informazioa eskaintzen duen ataria)
  • Goiena.net (Debagoieneko albisteak kontatzen ditu eta egunean 2.400 bisitari jasotzen ditu)
  • Tokiko.tv (Euskarazko toki telebisten elkartea)
  • Blogak (Goiena.neteko blogen komunitatea)

Arrasatekoa naizenez, komunitate guztiak ezagutzen nituen Tokiko.tv izan ezik. Elkarte horren web gunea, interesgarria iruditu zait euskarazko tokiko telebistetan emititzen diren bideoak igotzen dituztelako.

Komunitate horiek ezberdinak izan arren, guztiak anitzak dira, ideologian, pentsaeran, izaeran eta jokaeran. Izan ere, komunikabide bat sinesgarria izateko ezinbestekoa da zabala izatea, hau da, ez mugatzea aspektu jakin batzuetan. Dena dela, oso zaila da neutraltasun horri eustea. Ondorioz, kritika asko jasotzen dituzte, alderdi politiko batzuei lotuta egoteagatik adibidez. Beraz, guztiei tratu berbera eskaini behar diete. Baina ez politikan bakarrik, erlijioan, hezkuntzan, sexuetan eta adinetan. Horretaz gain, hizkeran ere aniztasuna dago Goienan. Komunitate bakoitzak estilo eta hizkuntza mota bat erabiltzen du, ez delako berdina berri bat telebistan ematea edo sarean argitaratzea. Horrekin gainera, erabiltzaileen bihotzetara iristen dira eta helburuetako bat betetzen dute.

Azken finean, berak behin eta berriz aipatu digunez, etorkizuna komunitateetan dago. Horregatik, sarean garrantzitsuena komunitateak sortzea da, berdin dio entzule, ikusle edo irakurle gutxi izatea. Hori dela eta, klasetik kanpo blog bat sortzera animatu gaitu. Baliteke, hemendik gutxira bere gomendioak jarraitzea eta blogen munduan murgiltzea.

Nire izena sarean

Askotan idatzi dut nire izena Google bilatzailean niri buruz sarean zer dagoen jakiteko. Ziur nago denok egin dugula horrelako bilaketaren bat noizbait, kuriositateagatik edo aspertuta egoteagatik. Oraingo bilaketan besteetan baino emaitza gehiago agertu zaizkit, izan ere, Ikus-entzunezko komunikazioko ikasketak hasi nituenetik, momenturo ibiltzen naiz interneten. Besteak beste, sare sozialetan, web gune zein blogetan nabigatzen… Hortaz, orain parte-hartze handiagoa daukat sarean.

Bilatzailean Oihan Vitoria jarri dudanean, 23.500 emaitza azaldu dira, baina gehienak Vitoria-Gasteiz hiriarekin edo nire izenkideekin zerikusia zuten. Hala ere, ondoren, izena kakotxen artean idatzi dut eta emaitzak 678ra murriztu dira. Gauzak horrela, emaitza guztiak nirekin bat etorri dira: esate baterako, nire Flickreko kontua, Twitterreko profila, Informazio-konpetentziak materiako bloga, orain dela gutxi Proiektua 2.0 ikasgaian sortu nuen bloga, Web diseinuan nire taldekideekin batera burutu berri dudan web gunea, eta abar. Horretaz gain, beste pertsona batzuen argazkiak azaldu beharrean, argazki guztiak nireak izan dira: blogean argitaratutakoak, Flickr irudi bankuan igotakoak… Horien artean, seigarren orrialdean, duela bost urteko argazki bat topatu dut. Ez nekien sarean zegoenik, zur eta lur geratu naiz. Emaitza horiek, lehenengo bilaketan lortu ditudanak baino interesgarriak iruditu zaizkit, kakotxen artean idazterakoan Googlek nire izen-abizenak batera bilatu dituelako.

Beraz, nire kontuak bisitatu nahi duen edonork erraz dauka, nire izena besterik ez du idatzi behar bilatzailean. Horrela, eskuragarri izango du nire informazioa, nik ateratako argazkiak, etab.

Bestalde, sarean ez dut ezer txarrik aurkitu niri buruz. Gertatu izan dira kasu batzuk non jendeak internet bidez irainak jaso dituen. Horrelakoren bat niri gertatuko balitzait, argi eta garbi daukat nola jokatuko nukeen. Irainak jaso bezain pronto, idazlearengana zuzenduko nintzateke azalpenak eman ziezazkidan. Izan ere, horrelako kasuak hitz egiten konpondu behar direla uste dut.

Egunkaria libre!

Libre geratu da behingoz Euskaldunon Egunkaria. 2003an, Guardia Zibilak euskaraz argitaratzen zen egunkari bakarra itxi zuen, bertako langileak ETA talde terroristaren kolaboratzaileak zirela leporatuz. Ez zegoen froga argirik, baina arrazoi gabe, Egunkariako kazetari batzuk atxilotuak izan ziren. Zazpi urteren ondoren, Auzitegi Nazionalak errugabetzat jo ditu langileak.

Albiste hau Euskal Herriarentzat garaipen bat izan arren, inputatuek ez dute inoiz ahaztuko urte hauetan zehar gertatutakoa. Kartzelan egon diren bitartean, momentu latzak (torturak, inkomunikazioak…) bizi izan dituzte eta hori gutxi balitz, komunikabideetan esan diren gezur guztiak min handia egin dute. Nork ordainduko ditu kalte guztiak? Agian, Egunkariak indemnizazio ekonomikoak jasoko ditu, baina diruak ez du ezer konponduko. Zer pasako da kazetariek izan ditzaketen arazo psikologikoekin? Zailagoa izango da jasandako umiliazioak burutik kentzea, arazo ekonomikoei irtenbidea topatzea baino. Zauria betirako geratuko da. Hala ere, espero dut guztion artean indarrak transmititzea aurrera egin ahal izateko.

Kasu honen ostean atera dudan ondorioa, Espainiako Guardia Zibilak eta Auzitegi Nazionalak nahi dutena egiten dutela da. Gainera, justiziak oso gaizki funtzionatzen duela ohartu naiz. Benetako justizia oraindik urrun dago.

Kultura ala tortura?

Hona hemen, nire taldekideekin batera zezenketen inguruan burutu dudan aurkezpena. Horretarako, Google Docs erremintaz baliatu gara eta balorazio positiboa egin dugu. Izan ere, lan egiterako garaian, ez da beharrezkoa izan hirurok momentu berdinean batera egotea. Hortaz, talde lana erraztu digu eta esperientzia aberasgarria izan dela irizten dugu.

Internauta euskaldunen albistegi erreferentea

Ikus-entzunezko komunikazioko ikasketak hasi nituenean izan nuen Sustatu.com web gunearen berri eta oso atari interesgarria iruditu zitzaidan. Harrezkero, egunero sartzen naiz bertara albisteak irakurtzera. Sustatuk mota askotako artikuluak eskaintzen ditu modu erraz eta ulergarrian. Hala nola, eguneroko albisteak, teknologia eta hizkuntzarekin zerikusia dutenak, pil-pilean dauden gaiak, interneteko kontuak, bitxikeriak, eta abar. Gainera, erabiltzaileek testuak igo ditzakete, harpidetzeko eta iruzkinak idazteko aukera izateaz gain. Horregatik, gaur egun euskaldunontzat erreferentziazko albistegia dela esan daiteke.

Sustatu, duela zortzi urte sortu zen Codesyntax eta Goiena enpresen eskutik euskarazko weblog kolektibo bezala. Garai haietan, blogak asmatu gabe zeuden oraindik eta gauzak oso desberdinak ziren. Ezohikoa zen berriak internet bidez jasotzea. Hori dela eta, Sustaturen jaiotzak ikaragarrizko iraultza ekarri zuen euskarazko hedabideetan. Web gunea, gaztelaniazko (Barrapunto) eta ingelesezko (Slashdog) blog kolektibo batzuetan oinarrituta eratu zen, blog pertsonalek beranduago ikusi baitzuten argia. Hasiera batean, idatzizko testuak soilik argitaratzen ziren, baina orain, elementu multimediak (argazkiak eta bideoak) ere ikusgai daude. Diseinu aldetik, sinplea eta argia da. Nolanahi ere, urte hauetan zehar hiru aldiz aldatu da itxuraz.

Nire iritziz, Sustatu oso atari baliagarria da, bereziki bulegoetako langileentzat eta beti ondo informatuta egon nahi duten pertsonentzat. Bertan, beste komunikabideek eskaintzen ez dituzten albisteak jasotzen ditut. Beraz, interneteko albistegi hau bisitatzea gomendatzen dizuet.

Argi ibili pasahitzekin

Betidanik, pasahitz berbera erabili izan dut kontu guztietarako, aukera hoberena zela uste nuelako. Hala ere, artikulu hau irakurri ostean, pentsamenduz aldatu dut. Pasahitz bakarra erabiltzea arriskutsua izan daitekeela ohartu naiz, zeren eta, norbaitek nire pasahitza asmatuz gero, leku guztietara sarbidea izango luke. Dena den, zaila iruditzen zait norbaitek nire pasahitza asmatzea, oso pertsonala baita. Baina nork daki. Hobe da gertatu daitekeena aurreikustea ondoren damutzea baino.

Pasahitzetan, bizi izan dudan gertaeraren bat idazten dut modu berezi batean. Hala nola, urteurren edo urtebetetze bezalako ospakizun egunak erabiltzen ditut, baina beti modu ezberdin eta pertsonalean. Horrela, errazago gogoratuko dut pasahitza eta gainontzeko pertsonentzat zailagoa izango da berau asmatzea. Gainera, paper batean nire kontu guztien erabiltzaile izenak eta pasahitzak idazten ditut, seguruago sentitzeko. Beti ere, papera ondo gordeta, jendearengandik urrun. Hortaz, pasahitzekin nahiko ondo konpontzen naizela iruditzen zait.

Nolanahi ere, hasieran esan dudan bezala, pentsamenduz aldatu dut. Hemendik aurrera, beste modu batean egingo dut lan eta pasahitz bat baino gehiago erabiliko dut. Baliteke hainbat pasahitz erabiltzeak ere, ondorio desegokiak izatea. Adibidez, pasahitza ahaztea eta gero ezin ahal izatea atarira sartzea. Alabaina, artikuluak konbentzitu egin nau eta bertan emandako aholkuak jarraituko ditut.

Historiako katastrofe larrienetakoa

Azkenaldian, guztion ahotan egon da 2010eko urtarrilaren 12an Haitin gertatutako lurrikara. 1770. urtetik ez da horrelako egoerarik ikusi izan zonalde hartan eta mundu osoko herritarrak hunkituta daude. Ezbeharra, Puerto Principe hiriburutik 15 kilometrotara eman zen eta guztira 200.000 hildako eta beste 250.000 zauritu egon zirela kalkulatzen da. Halaber, milioi bat pertsona inguruk euren etxeak galdu zituzten. Hori dela eta, katastrofe hau historiako larrienetakoa izan dela esaten da.

Horren aurrean, herrialde garatuenetako gobernuek hainbat neurri hartu dituzte. Adibidez, diru-laguntzak eta pertsonal espezializatuak bidali dituzte Haitira izandako kalteak konpontzen laguntzeko, kanpainak eta futbol partidak egin dira dirua biltzeko eta bidez batez, bertako herritarrei elkartasuna adierazteko… Horretaz gain, Gobernuz Kanpoko Erakundea (GKE) ere buru belarri ari da lanean Haitiren birmoldaketan, izan ere, hondamendian 48 lankide galdu zituzten, 25 hilda eta beste 23 desagertuta.

Baina zergatik gertatu da hondamendi hau? Naturagatik soilik? Gobernuek ez al dute errurik? Nire iritziz, gobernuek erantzukizun handia dute. Bakarrik horrelako kasu larriak gertatzen direnean laguntzen dute euren interesetara begira. Beste batzuetan, berriz, ez dute laguntzarik eskaintzen, hau da, beste alde batera begiratzen dute eta eskuak garbitzen dituzte. Gainera, zergatik ez ziren arduratu Haitiren egoeran lurrikara gertatu baino lehen? Gobernuek lehenago lagundu izan balute, agian ez litzatekeela ezer gertatuko uste dut, zeren eta, herrialdea ekipamendu aldetik ondo hornituta egongo litzateke.

Beraz, lurrikara saihestu ahal izan zela iruditzen zait. Munduko gobernuek interes gehiago izan balute Haitiren egoeran, dena ezberdina izango litzateke. Behin ezbeharra gertatuta gobernu guztiak laguntzen hasi dira, baina beranduegi. Dena dela, egoera hauek gertatzen direnean laguntza guztiak gutxi izaten dira. Horregatik, diru aldetik aparteko esfortzua suposatu arren, gehiago izan beharko liratekeela irizten dut. Nire herrian esaterako, hainbat ekitaldi antolatu dira dirua, liburuak, elikagaiak edo osasun laguntzak emateko eta herritarren parte-hartzea ikaragarria izan da. Horien artean esanguratsuena, ostegunetan egiten den pintxo-poteoa izan da. Arrakasta handia izan du eta guztira 2.000 euro inguru atera dira Haitiri laguntzeko. Agian, horrek ez du askorako balioko, baina gutxienez herritarrak laguntzeko prest daudela ikusten da eta hori oso garrantzitsua da bizi garen garai hauetan.